KiVa, eskola-jazarpenaren kontrako proposamen orokor eta integrala da. Finlandiako Turkuko Unibertsitateak KiVa programa garatu zuen eta herrialde osora zabaltzen hasi zen. Datuek garbi erakutsi zuten programak jazarpena murrizten zuela. Ebidentzia horrek eraman gintuen ikastoletan Kiva ezartzera helburuak argi genituelarik:
- Jazarpena murriztea.
- Jazarpen-egoerak eragoztea.
- Jazarpenak eragindako ondorioak apaltzea.
KiVak hiru adin tartean eragitea bilatzen du bereziki: 6 eta 9 urte bitarteko ikasleengan, 10 eta 12 urte bitartekoengan, eta azkenik hirugarrena 13 eta 14 urte bitartekoengan. KiVa baliabide desberdinak erabiltzen ditu eta egunerokoan txertatutako hainbat tresna eta materialen bidez presente egoten da: lanketa jarraitu eta sakona ikasgeletan, formakuntza eta materiala langile eta gurasoentzat, txalekoa jolas-orduak eta jantokia zaintzen dutenentzat eta ezinbestekoa den KIVA talde egonkorra.