Haur Hezkuntzako metodologiarekin jarraituz, Adaxkak jarraipena izango du Lehen Hezkuntzako lehenengo hiru mailetan. Konfiantzan oinarritutako begirada sustatuz, ikasleek euren ahalmenean konfiantza izan dezaten. Norberaren interes eta esperientzietatik abiatuz, libreki jarduten eta sortzen eta garrantzi berezia emanez emozioei: sentitzen dutena ulertzeko baliabideak eskainiz. Ikasleen ikaskuntza prozesuan jartzen dugu arreta, irakasleak ere bidelagun izatera pasatuz.

Nagusiki edukietan oinarritutako hezkuntza eredua alde batera utziz, gaitasun eta bizipenetan oinarritutako planteamenduetara jo dugu. Horrela, Lehen Hezkuntzan, Adaxkan, ikasleen garapena errespetatuz helburu pedagogiko-curricularretan aurrera joateko proposamenak ere gehitzen dira, hauei arreta berezia jarriz: Konpetentzia matematikoa, MaiteMatikak, konpetentzia linguistikoa, HitzKutxa eta konpetentzia artistikoa, EskuArte.

Lehen Hezkuntzako 3., 4. eta 5. mailetan, Adaxkatik EKI egitasmora pasatzen dira gure ikasleak. Euskal curriculuma kontutan hartuta konpetentzietan oinarritzen den egitasmoa da. Honetaz gain, Eki eleanitza da, beti ere euskara ardatz dela. Prozedura multidiziplinarrak etengabe lantzen dira, konpetentzia digitala arlo guztietan txertatuz.