Ikastola etengabeko mugimenduan dago amesten dugun hori lortu ahal izateko. Pedagogikoki, erronka garrantzitsuei aurre egin diegu azken urteetan: konfiantzaren pedagogia oinarri, Adaxka proiektuari bidea eman eta EKI proiektuarekin batera gure pedagogiaren oinarrian jarri ditugu.

Eraldaketa pedagogikoarekin batera, espazioak eurak ere eraldatu ditugu; ikasle, irakasle eta gurasoen iritziekin aberastuta. Nahi dugun hezkuntza, egunerokoan mimoz eraikitzen jarraitzen dugu.

Ikasle guztien ongizate emozionala, psikikoa zein fisikoa zaintzearekin batera, ekitate-printzipioa oinarri duen hezkuntza nahi dugu, egoera sozial eta pertsonal ahulak bizi dituzten ikasleei arreta berezia emanez, ezberdintasunak aurreikusi eta gainditu ahal izateko. Horretarako, ikasleei segurtasuna bermatzen dien erreferentzia testuingurua izan behar du Ikastolak, kontuan hartzen direla eta entzuten zaiela sentiarazten diena.

Seber Altube Ikastolako ikasleak, besteak beste, honelakoak izatea nahiko genuke: zoriontsuak, euskara eta euskal kultura zainduko dutenak beste hizkuntzekin euren begirada aberastuz, herriko kide aktiboak, mundu aldakor honetan pertsona orekatu eta osasuntsuak, naturaren parte izanda norbera izaten dakitenak eta ezberdinen artean elkarlanean aritzeko gai direnak.