Orain dela mende bat baino gehiago sortu ziren lehen ikastolak, euskararekiko eta herriarekiko maitasunean heztea ardatz zutela. 60ko hamarkadatik aurrera, herritarren ekimen eta ilusioari esker, euskal eskola amets duen ikastolen mugimendu zabala sortu zen Euskal Herri osoan. Ikastolak gure herriaren ikurra dira: amesten dugunean, batera lortu dezakegunaren sinbolo eta lorpen erraldoi eta ederra.

Gogoratzen ditugu hasierako urte haiek: materialean pobre, ilusioan aberats. Auzolana oinarri, eraikitzen ari zirena eurek baino handiagoa zela jakinda. Gogoratzen ditugu lehenengo gurasoak: seme-alaben eta gainontzekoon alde arriskatzeko prest agertu ziren haiek. Lehenengo irakasleak: ilusioz, maitasunez, zuten onena eskaintzen. Eta asmatu zuten. Asmatu genuen.

Gurean, 1966ko abuztuaren 30ean sortu zen Seber Altube ikastola; hamabi ikasle eta irakaslerekin. Elizarena zen Gizarte Etxea izan zuen aterpe lehen urte haietan. Gernikar askoren ilusio eta lanak egin zuen posible ezinezkoa zirudien proiektu hura. Haiei eskerrik zintzoenak: haiei esker garelako eta izango direlako.

Eta hemen gaude, belaunaldi haren ondorengoak, bidea jarraitzeko prest: mugimenduan, gainontzeko ikastolekin batera, herriko eragile eta eskolekin elkarlanean. Desikasten ere ikasiko dugulako bide berriak zabaltzen erronka berrientzat. Horretan ari gara, bidean, batera.

Honakoak dira geure historiako gertaerarik garrantzitsuenak:

1966. Seber Altube ikastolaren sorrera. Gizarte Etxeko eraikinean.
1979. Gaur egungo udal-eraikinera aldaketa.
1991. San Fidel ikastolarekin batera, Ibilaldia Gernikan.
1993. Eredu propioa mantentzearen alde agertu ginen batzar berezian.
1995. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko kide izatea onartu genuen asanbladan.
2003. Kalitatearen izendapena jaso zen. Zilarrezko Qa.
2007. Ikastolaren 40.urteurrena ospatu zen. Jantokiko eta eraikin berriko obrak burutu ziren.
2014. Ibilaldia antolatu genuen Gernikan.
2016. 50. Urteurrena ospatu genuen ikasturte osoan zehar.
2017. Hausnarketa prozesu parte-hartzailea etorkizunerako. Kiva jazarpenaren kontrako metodo berritzailea.
2018. Konfiantzaren Pedagogiaren ezarpena. Lehen solairu osoa eta sarrera berrizteko obrak.
2019. Jantoki eredu propioaren lorpena: bertokoa, sasoikoa eta ekologikoa.
2019. LHko Adaxkaren ezarpenerako 2. solairuko obrak.
2020. GUZU proiektuaren lehen ezarpena.