Ikastolan badugu izateko modu bat, bizitza eta etorkizuna irudikatzeko modu bat eta hori egunerokoan islatzen saiatzen gara. “Zer jan, hura izan” diote eta gurean argi dugu: bertokoa, sasoikoa eta ekologikoa den elikadura baten aldeko apostua egiten dugu. Elikagai eta menuak guk geuk kudeatzen ditugu helburu orokor hauekin:

– Ikasleak osasuntsu jatea. Gure ikasleek bertoko elikagaiak, sasoian sasoikoak eta kalitatezkoak jatea.
– Gure eskualdeko lehen sektorearen suspertzea Bertoko ekonomiaren aldeko apustua eginez. Lehen sektorea gure bidelaguna den heinean, baserritarren bizi-baldintzak duinak izatea bilatzen dugu. Ekonomia zirkularra eta elikadura subiranotasuna oinarri.
– Gure eskualdearen jasangarritasuna. Modu naturalean hazitako elikagaiak ditugu jantokian. Ahalik eta produktu ekologiko gehien izateko ahalegin berezia eginez..

Jantokitik jangelarako bidean gaude, garrantzia ez duelako soilik jaten dugunak: nola jaten dugun ere berebiziko garrantzia du. Jateko momentua gozagarria izatea nahi dugu, harremanerako tarte lasaia eta elkarrekin ikasteko momentua. Horretarako espazioen eta denboren antolaketa eta monitoreen hezitzaile paperan sakontzen ari gara GUZU proiektuaren eta formazio planen bidez.