Seber Altube Ikastolaren helburu nagusietako bat herriko beste ikastetxe, eragile zein ekimenekin elkarlanean aritu eta elkarrekin saretzea da: herria egitea, elkarrekin, auzolanean. Zentzu horretan, hauxe dugu adibide ederretako bat: Eskola Bidea.
Gernika-Lumoko ikastetxe guztiak, Osasun Sarea eta Udala batu ginen proiektu berri hau abiatzeko asmoz: Gernika-Lumoko Eskola Bidea. Proiektu honen helburua haurrak eskolara bakarrik joatea da: oinez, gurpil-aulki, monopatinean zein bizikletan. Hau da, orain gutxi naturala zena berreskuratzea. Horrela, haurrek autonomia eskuratuko dute eta ohitura aktibo eta osasungarriak sustatzeaz gain, ingurumena zaintzeko, herria hobeto ezagutzeko, espazio publikoa bereganatzeko eta eraldaketan parte hartzeko protagonista izango dira. Herritarroi, orokorrean, elkarbizitza hobetzeko aukera eskainiko digu ardura kolektiboaren ideia eta denon arteko zaintza sustatuz. Helburua: 7-8 urtetik gorako haurrak euren kabuz eskolara joatea.
Eskola Bidea denon arteko ekarpenekin adosten da: eskola guztietako guraso eta irakasleen lan talde ireki bat osatu zen elkarlanean eta parte hartzean proiektua bideratzeko. Eskola Bidea denona izan behar duenez, familiei, eskolako langileei eta ikasleei inkestak egin zitzaizkien, geletan jarduerak burutu eta herri mailako batzorde bat eratuz.