Posts by Perez(e)ko David

Azaroaren 11ra arte Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina abiatu du Errigorak. Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski eskaintzen dira —beltza, berdea (ekologikoa) eta zuria— eta hauen balioaren %25 bertako euskalgintzara bideratuko da.

Hamarkadetako hizkuntza-politikaren ondorioz, erronka handiak ditu euskarak Nafarroa hegoalde eta erdialdean. Horregatik abiatu genuen, 2013an, kanpaina hau. Ordutik 1.400.000 euro bideratu ditugu zonalde honetan euskarari laguntzera eta ekarpen hori ezinbestekoa izan da bertako ikastolek eta AEK-k herritarrak euskalduntzen jarrai dezaten eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok D ereduaren aldeko hautua egin dezan. Agerraldia bera ere, zonaldeko euskalgintzari hauspo berria emateko jaio den ekimena, kanpaina honen dinamikatik sortu da. Hala ere, oraindik orain, herritarron elkartasuna behar-beharrezkoa dute egitasmo hauek guztiek. Beraz, saskiak eskatzera gonbidatzen zaitugu, geuk egiten ez badugu, ez baitu inork egingo.