Martxoaren 30era arte Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina abiatu du Errigorak. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian ekoizlearen jatorrizko prezioan.
Olioa 5 litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak 12 ontziko sortetan, planteamendua urte osorako beste eskatzea da eta. Eskaera-epea martxoaren 30ean bukatzen bada ere, banaketa bi txandatan egin ohi da: apirilean olioa eta maiatza-ekainean kontserbak jasotzen dira. Eskariak internet bidez egin daitezke Errigorako webgunean eta eskari guztiak Astran jasoko dira.