Seber Altube Ikastolaren helburu nagusietako bat herriko beste ikastetxe, eragile zein ekimenekin elkarlanean aritu eta elkarrekin saretzea da: herria egitea, elkarrekin, auzolanean. Zentzu horretan, hauxe dugu adibide ederretako bat: Jangurie.
Eskola-jantokiak bertakoak, jasangarriak eta osasuntsuak izateko helburua konpartitzen genuela ikusita, Urdaibaiko ikastetxe guztiok gure indarrak batzea erabaki genuen. Gure helburuak lortzeko bidean elkarri laguntzeko borondatearekin jaio ginen.
A.- Umeek osasuntsu jatea. Gure umeek bertoko elikagaiak, sasoian sasoikoak eta kalitatezkoak jatea nahi dugu.
B.- Gure eskualdeko lehen sektorearen suspertzea Bertoko ekonomiaren aldeko apustua egiten dugu. Lehen sektorea gure bidelaguna den heinean, baserritarren bizi-baldintzak duinak izatea bilatzen dugu.
C.- Gure eskualdearen jasangarritasuna. Modu naturalean hazitako elikagaiak nahi ditugu gure jantokietan. Ahalik eta produktu ekologiko gehien izateko helburuarekin.