Ikastola ikastetxe bat baino askoz gehiago da: hezkuntza proiektu oso bat eraikitzeko mugimenduan eta elkarlanean dagoen komunitatea da.
Euskalduna: Euskaratik mundura!
Ikastolan euskaraz bizi gara, eta euskaraz bizi nahi dugu Euskal Herrian. Euskaraz munduratzen gara, eta mundua euskaraz ekartzen dugu ikastolara. Euskal Herritik mundura goaz, euskaratik, euskaran ardaztutako eleaniztasunarekin, gure hizkuntza proiektuarekin.
Herritarra: Herritik sortuak, herriarentzat.
Hezkuntza zerbitzu publiko gisa ulerturik, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundetzea du ikastolak: kooperatiba da. Gurasoak dira kooperatibista, eta haiena da azken hitza, haiek erabakitzen dute. Gizarte partaidetza eta erantzukizuna ditu ardatz. Hezkuntza ulertzeko eredu propioa du, herriari eta herritarrei itsatsia, haien zerbitzura. Ikastolen Elkartean batzen da beste ikastola guztiekin batera, Europar Kooperatiban. Euskal Herrirako eredua da ikastola.
Eraldatzailea: Hezkuntza eraldatzen!
Euskal curriculumetik eta konpetentzietatik abiatuta, hezkuntza eraldatzen ari da ikastola bere eredu pedagogikoarekin. Espazioak berritzen, eduki digitalak sortzen eta txertatzen, hezkuntza paradigma berrian ere aitzindari da ikastola. Eta proiektu pedagogikoak ikertzen, garatzen eta berritzen ari da etengabe. Bikaintasuna ulertzeko modu bakarra dauka ikastolak: ikasle guzti guztien hobekuntza. Hezkuntza eraldatzen, gizartea eraldatzeko; gizarte justuago, parekideago, euskaldunago eta zoriontsuago bat eraikitzeko.
Hezkuntza eredu propioa eraikitzen duena: Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritua.
Ikaslearen irteera profiletik abiatuta, marko pedagogiko propioarekin, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritzen da ikastola eredua. Hizkuntzen trataera integral eta integratua garatzen du, euskaran ardazturiko planteamenduarekin. Arlo guztietan txertatzen ditu oinarrizko konpetentzia orokorrak eta konpetentzia digitala. Pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, eta egiten eta ekiten jakin behar du ikasleak. Hezkuntza integrala dauka, ikasmaterial propioekin.