Elkartasun Ikastolek 900.000 euro banatu dituzte behar gehien duten ikastolen artean

Elkartasun Ikastolek 900.000 euro banatu dituzte Ikastolen zortzi proiekturi laguntzeko.

Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusiak ebatzi ditu 2022 urterako diru-laguntzak. Bederatzi eskakizun egin ziren guztira, eta horietako zortzik egin dute aurrera. Guztira, 929.824 euro banatu dituzte zortzi eskari horien artean.

Balioan jarri nahi dugu elkartasun ahalegin honek daukan neurri izugarria. Izan ere, 2012ko azaroan Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartea sortu zenetik, ikastola guztien ekarpenari esker 7.186.848 euro banatu dira beharra zuten ikastolei lagundu eta inbertsio berriak sustatzeko. Eta denboran atzerago joango bagina, 1992 urtetik indarrean dagoen ikastolen Elkartasun Kutxak 18 milioi eurotik gora banatu ditu guztira.

Bi europar kooperatibatan batzen gara ikastolak; Ikastolen Elkartea eta Elkartasun Ikastolak. Ikastola guztiak gara bazkide bietan. Lehenak elkarlana irudikatzen badu, bigarrenak, izenean bertan dioen bezala, elkartasuna du ardatz.

Ikastola bakoitzak dituen ikasle kopuruaren arabera urtero egindako ekarpenetik elikatzen da Elkartasun Kutxa, eta urtero banatzen da diru hori premia handiena duten ikastolen artean, ekarpen edo mailegu gisa.

Eskari guztiak aurkeztu eta aztertu ostean, Artezkaritza Kontseiluaren proposamenak bozkatu dira, eta hauxe izan da Batzar Nagusiak onartu duen diru-laguntzen banaketa: