Azken asteotan martxan jarritako #GuGaraMarka kanpainak ere gaur izan du amaiera. Ikasle, irakasle, langile, ikasle ohi… guztien bozkak zenbatu eta aurrerantzean ere Ikastolak orain arteko irudi berdinarekin mantentzeko hautua egin dute Ikastolako kideek (%38,8). Ikasleek egindako lau logoek bozka gehiago jaso badituzte ere, orain arteko logoa izan da bozka kopuru handiena jaso duena. Hortaz, aurrerantzean ere gure artean jarraituko du S eta A hizkiak biltzen dituen zuhaitzaren irudiak. Dokumentu honetan emaitza ikusgai: LOGOAREN BOZKETA EMAITZAK – Copia de Logoaren Bozketa.
Baina kanpainaren arrakasta ez da azken emaitza izan. Kanpainaren emaitza apiriletik irudi berriari bueltaka ari diren ikasleena izan da. Geure nortasuna mantendu guran, guztiontzat hain berezia den zuhaitzari modernitatea eta egunerokotasuna txertatu guran lanean buru belarri egon diren ikasleena. LH1etik DBH4rako ikasleek parte hartu dute, bakoitzak bere mailan eta bere eran eta hori txapela kentzeko modukoa da. Erakusketa prestaketan, komunitateari informazioa helaraziz, bozka kutxa eta txartelak prestatzen… elkarlanean beti ere gauzak hobeto ateratzen direlako, edo Ikastolan behintzat horretan sinisten dugulako!
Horrenbestez bada, orain arteko logoa mantentzea erabaki du komunitateak, baina gaurkoan parte hartzeak eta iritzi aniztasuna gailendu da gure Ikastolan!
Azkenik atzo burututako Asanblada orokorrean ere kirol ekipamenduaren kolorea aukeratu zen. Hurrengo ikasturtean kolore gorria izango dugu ekipamenduan Asanblada orokorrean ia gehiengo osoz aukeratu ostean.